XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Ba al dakizu nongoa den? - galdetzen dio Elvisi.

- Ez, nongoa?

- Ate urdin batekoa da - esaten dio Anarosak ahopeka.

- Ate urdin bat...?

- Bai.

Giltza sakelean sartzen du berriro eta esaten dio Elvisi gainerakoa eskolatik irteten direnean jakingo duela.

Berarekin joan behar duela eta orduan jakingo du non den ate urdina. Baina ez dio inorri ezer esan behar, are gutxiago Helgari.

- Agindu egin behar didazu.

Bai, ez dago arazorik agintzeko.

Elvisek Helgari ezer esatea gauza aski pentsaezina da.

- Irteera-hesian ikusiko dugu elkar, beti bezala - esaten dio Anarosak, geletan sartzeko kanpaiak jotzen duen une berean.

Elvisentzat egun hura eskola egunik luzeena bilakatzen da. Gainerako atsedenetan Anarosa ez zaio inguratzen, beste neskekin dabil jolasean.

Baina eskolak bukatzean patioko sarreran dauka zai.

Browallek, bere aita izan behar duenak erregalatu dion txirrindua darama.

- Igo, eramaten zaitut - dio Anarosak.

- Lehenik etxetik pasatu beharra daukat - dio Elvisek.

Amatxo dauka gogoan, egunero zain dauka-eta, irrikitan.

Oso urduri ipintzen da eskolatik zuzenean etxera ez badoa.

Istripua eta gero beti pentsatzen du ezer gerta dakiokeela.

Baina Anarosak irmo mugitzen du burua.

- Ez dugu astirik - dio -.

Igo!

Elvis gibelean igo eta abiatu egiten dira.

Zortea dute, ez bait dute inor aurkitzen bidean gelditu eta esaten dienik debekatuta dagoela txirrindu berean bi ibiltzea.